XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

8 Leiho batean dirdir berezia

BOST egun joan zitzaizkigun batere ametsik izan gabe, ez nik eta ez Aita Arangurenek.

Saiatu, gogotik saiatzen ginen, baina bost egun haietan zeharo alferrikakoa izan zen.

Ni beldur nintzen Heriok ez ote zuen nolabait lortu guri amets egitea galeraztea.

Horrelako gauza txar asko pentsatu nituen bost egun haietan, baita Amaia sekula berriro ez genuela ikusiko ere.

Aita Arangurenek lasaitu egin nahi izaten ninduen.

Egun batzuetan ametsik ez egitea normala zela esaten zidan, komentu inguruko lorategian eguzkitan goxo-goxo genbiltzan bitartean.

Kanpora irtetean, fraide zaharrak makila erabili ohi zuen eta nik oso gustora entzuten nizkion esaten zizkidanak.

Badaude zahar batzuk, beren adin handia dela eta, gauza berberak behin eta berriro aspertu gabe kontatzen dituztenak.

Beraiek ez dira konturatzen, baina hamaika aldiz esaten dizute gauza bera.

Bide batez esan dezadan nire ustez honelako kasuetan ez zaiola agureari hori beste batean kontatu zigunik esan behar, agurea mintzeko arrisku bizia sortzen bait da.